XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dirua ez zitzaidan gaizki etorriko, esan zuen Donnak.

Horretaz pentsatzen nengoen.

Gidatzen segitu nuen Donnari begiratu gabe.

Egia da, esan zuen.

Dirua ez zitzaidan gaizki etorriko.

Buruari eragin zion.

Ez dakit, esan zuen.

Burua makurtu eta negar egiteari ekin zion.

Ez negar egin, esan nuen.

Ez naiz lanera joango bihar, gaur, iratzargailuak jotzen duen edozein egunetan, esan zuen.

Ez naiz joango.

Hiritik joango naiz.

Hor gertatu zaiguna zeinutzat hartu dut.

Pizgailua sakatu eta ateratzeko zain geratu zen.

Neure autoaren alboan gelditu eta motorra itzali nuen.

Ispilutik begiratu nuen, erdi pentsatuz Chrysler zaharra aparkalekura sartzen ikusiko nuela, Nelsonek gidatua.

Pixka batez geratu nintzen eskuak bolantean, eta gero magalera jaitsi nituen.

Ez nuen Donna ukitu nahi.

Gau hartan elkarri emandako besarkada, Off-Broadwayn emandako musuak, guzti hura amaitua zen.

Zer egingo duzu?, esan nion.

Baina ez zitzaidan axola.

Une hartan bihotzekoak jota hil izan balitz ez nintzatekeen batere kezkatuko.

Beharbada Portlandera joan ninteke, esan zuen.

Zerbait egon behar du Portlanden.

Gaur egun mundu guztiak hitz egiten du Portlandi buruz.

Leku erakargarria dirudi.

Portland hau, Portland bestea...

Beste edozein leku bezain interesgarria da.

Berdin dio.

Donna, esan nuen, hobe dut joan.

Irteten hasi nintzen.

Atea zabaldu nuen, eta barruko argia piztu zen.

Jainkoarren, itzali argia!

Korrika irten nintzen.

Gabon pasa, Donna, esan nuen.